logicIkastorratza Didaktikarako e-aldizkaria (begira hementxe) publikazio digital elebiduna da, Gasteizeko Irakasle Eskolan berriki zenbait irakaslek martxan jarri duguna.

Argitalpen honen xedea hezkuntza, irakaskuntza eta didaktika gaiak jorratzen dituzten idazkiei bide ematea da: direla ikerketa-lanak, direla gelarako proposamen didaktikoak ala akaso kontu hauen inguruko gogoeta eta hausnarketak.

Ikastorratza Didaktikarako e-aldizkaria hezkuntza arloko egile orori irekita dago. Hortaz, maila guztietako irakasleak (HH, LH, DBH, batxilergo ala unibertsitatekoak,...) gonbidatuta daude euren izkribuak helbide honetara bidaltzea.

Hala ere, hezkuntza arloko bestelako partaideek (ikasleek, gurasoek, administrazio eta zerbitzuko langileek) ere esku hartu ahal izango dute, betiere, aldizkariaren jomugarekin bat eginez.

Beraz, zure idazkien zain gaituzu!